XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

HERRIAK ETA GIZONAK

? Nelson Mandela, Hegoko Afrikan president den jaunak zenbait egun iragan ditu Parisen.

Chirac presidentak gomitatua zuen Errepublikako bestaren karietara eta elgarrekin parte hartu dute egun hartako ospakizunetan.

Ingleterratik heldu zen Mandela presidenta, han handienean ongi etorri egina zakon Elixabet erreginak.

Etzuen hain aspaldi preso ezarria zutela Inglesek terrorist kondu.

Aurkitzen den toki guzietan egiten ohi duen bezala, Parisen ere dei egin diote induztriatzaleri, Hegoko Afrikarat jin diten lantegi eraikitzerat, hango politiko eta ekonomiko giroa ezinago hobea baitute alabainan.

? Ipar Irlandan aldiz bazterrak berriz nahasi dira, sasoin huntan ardura egiten diren bezala.

Uztailaren 12-an dute alabainan protestantek ohoratzen 1690-an katolikoen kontra ardietsi zuten bitoria.

Urtemuga horren karietara nahi izan dituzte egin ohiko ibilaldiak katolikoen kartierretan.

Lehenik polizak ditu debekatu holakoen egitetik.

Bainan nahasmenduak eta panpakak izan baitira polizaren eta protestanten artean, etziten sobera heda Ipar Irlandan pataska horiek, gero amor eman du Londreseko gobernuak eta beren ibilaldiak egin dituzte polizaren gerizapean.

Ez da dudarik gertakari horiek ez dituztela fagoratzen bakearen finkatzeko ari diren solasketak.

Jende xeheak bakea du gutiziatzen, bainan arduradunek ez dezakete uko egin beren tema eta alderdikerieri.

? Bosnian ikerketak hasi dituzte ONU-ko gizonek jakiteko zer zen xuxen gertatu Srebrenica hiriaz zirelarik jabetu Serbiarrak.

Zazpi mila presuna, gehienak gizonak, dira falta geroztik.

Itxura guzien arabera Serbiarrek dituzte garbitu eta zilo komunetan ehortzi.

Zilo horiek dituzte orai miatzen jakiteko nor diren han ehortziak.

Alta uztailaren 11-an Bosniako Serbiarrek ospatu dute Srebrenica libratu zutelako urteburua.

Egun hartan berean berria agertu da La Haye-ko jujeek herri guzieri igorri ziotela manua Karadzic eta Mladic behar zirela preso altxatu.

Nekez dukete galde hori obratuko ONU-ko batasunean diren herriek, ez baita nehor menturatuko heien atzemaiterat herritarren artean bizi direno.

? Netanyahu judu gobernuburuak bere lehen bisita egin dako Clinton amerikano presidentari.

Ainitzek goaitatzen zuten piaia hori, bereziki paleztindarrek eta araba arduradunek esperantza zuten Clinton jaunak ardietsiko zuela ezti zezan judu lehen minixtroak agertuak zituen politiko xedeak.

Ez da holakorik gertatu.

Hebron hiritik Judu armadaren partitzea gibelatua da; Yasser Arafatekin solas egitea, gerta ditaken gauza; Syriarekin eta Liibanoarekin antolabideketak hasiko dira ikusi eta nolako borondate ona agertuko duten terrorismoaren gudukatzeko.

Zenaturren biltokian delarik mintzatu, Netanyahuk goraki hitzeman du ez dela sekulan bi partetan ezarriko Jerusaleme hiria.

Luzaz dute xalotu Netanyahu amerikano zenaturrek bere mintzaldia bururatu duelarik.

? Amerikanoek hersatu dute Kubari ezarri dakoten ekonomiko bahimendua eta gaztigatu gogo dituzte lege horri jarraikitzen ez diren herriak, edo berdin enpresak.

Horra zer duen frogatu bere gostuz kanadiano enpresa handi batek.

Ez dute onartzen Europanoek Amerikanoen nausitasun hori eta jakin arazia dakote gauza bera ordainduko dakotela.

Beren gosturat nahi dute alabainan parte hartu Kubano ekonomian bereziki Espainolek eta Italianoek.

Bertzalde Estatu Batuetan zangorik sartzea ez haizu ezarri dakote Amerikanoek Ernesto Samper Kolunbiako presidentari, eta hori droga dela kausa, drogak fornitu dirua baitu omen baliatu kargu hortan sartzeko.